XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AINTZIN-SOLASA.

.

Lord Kelvin-en hitzok laburbiltzen dute, hein handi batean, elektrizitatea izeneko liburuxkaren asmo eta helburuak.

Tamalez, Kimika eta Fisika ikasten ari den ikaslea zientziaren teorizismoan jausten da maiz eta Kimikaren eta Fisikaren irakaskuntza teoria, hipotesi eta ideia abstraktuen azalpen hutsean gelditzen da horren ondorioz.

Fisika eta Kimika zientzia esperimentalak izanik, contranatura gertatzen da irakaskuntz eredu teorizista hori.

Honelako irakaskuntzak noski baditu ondorio zapuzgarriak.

Ikaslea problema baten aurrean jartzen denean, anitz arazorekin topatzen da ikasitako teoria modu praktikoan zuzen eta taxuz aplikatzeko.

Ikasleek problemei dieten beldur handia, azaldutakoaren lekuko adierazgarria da ezpairik gabe.

Fisika eta Kimikazko ariketa-liburuak izeneko liburu-sail honek, zubi bat ipini nahi du irakaskuntza teoriko eta ikasitakoaren erabilpen praktikoaren artean.

Ikasleak, klasean irakaslearen azalpenaren bidez hartutako ezagumen du teoriko abstraktu horiek finkatzea eta sakontzea da liburuaren asmo nagusia.

Liburuxkak, irakasleari eta ikasleari zuzenduta daude prestatuak.

Liburu hauen barnean izango duen mamiarekin irakasleari posible izango zaio, gelarako behar duen material praktikoa (problema zein laborategi-praktikak) era erosoan eskuratzea eta gordetzea.

Ikasleak ordea, bi helbururekin erabil ditzake ariketa-liburuok; alde batetik gelan irakasleak azaldutakoa sakondu eta jorratzeko eta bestetik, horizonte berriak aurkitzeko irrikaz klasean irakasleak azaldutakoa zabaltzeko.

Gainera, eta hau azpimarratu beharra dago, liburuxkak ez daude zuzenduta ikasturte jakin bateko programari estu-estu jarraitzeko, baizik eta irakaskuntza ertainen bukaeran eskatzen den ezagumendu-maila asetzeko.

Irakasleak erabaki beharko du, landu nahi duenaren arabera, zein liburu eta zein mailetan erabili.

Fisika eta Kimikazko ariketa-liburuak izeneko liburu-bilduma honen ale guztiak, egituraketa jakin bati lotuko zaizkio zientziaren alderdi praktikoa lantzeko helburuarekin.

Hiru atal desberdin izango dira.

1. Problemak.

Atal honetan problema praktikoak azaldu eta proposatuko zaizkio ikasleari.

Liburuxka bakoitzak Fisika eta Kimikaren alor zehatz bati lotuko bazaio ere, alor hauek zabalak izanik, azpialorretan banatu dira problemak proposatzeko eta azaltzeko unean.

Honela esaterako Elektrizitatea izeneko liburuxka honek zenbait azpialor ditu bere baitan, hala nola, elektrostatika, elektrodinamika, elektromagnetismoa....

Hauetako azpialor bakoitzaren aintzinean, ondoren landuko diren problemetan aplikapen zuzena izango duen teoria azaltzen da, zenbait adibide praktikorekin batera.

Segidan, azpialorraren garrantziaren arabera, problema-mordo handiago ala txikiagoa adierazten zaio ikasleari urratsez urrats.